Elexalde edo Torrekua deritzon jauregia San Inazio kalearen hasieran dago, baina hiribilduaren harresiaren kanpoaldean. XVI. mendeko eraikin bat da eta behe solairua eta altuera bat ditu. Aipagarria da fatxadako dekorazioa.
Behe solairuko sarrera errosetekin apaindutako dobelak dituen erdi puntuko arku handi bat da. Arkuaren alboetan, taulamendu bat eusten duten pilastra idulkidun finak daude.
Solairu nagusian, pilastrak eta frontoi txiki bat dituen leiho bat dago. Frontoiaren barruan familiaren armarria dago; lau kuartel, bitan lehoia dago eta beste bietan, arranoa.
Fatxadako eta sarrerako arkuko dekorazio finak adierazten du garai hartako plateresko estiloaren gustu fina.