Antiguako Baseliza

Antio: Andre Maria Ermita

Antigua edo Antioko baseliza Hiru Tenpluen Ibilbidearen mugarrietako bat da, Loiolako eta Arantzazuko santutegiekin batera. Euskal erromanikoaren adibide argia da, eta gaur egun Baselizen Katedrala bezala ezagutzen da, barneko edertasun paregabea duelako.

1366koak dira parrokia honi buruzko aipamenak jasotzen dituzten lehen dokumentuak. Antio Zumarragako parrokia izan zen 1576.urtera arte, baina hortik aurrera, herriaren erdigunean dagoen Jasokundeko Andre Maria izan da Zumarragako parrokia. Andre Mariaren ermita Antio izenez ezagutzen da, eta horretarako arrazoiak bi izan litezke: lehenengoa, oso zaharra delako; eta bigarrena, parrokia berria egitean, parrokia zaharra izatera pasa zelako Antio. Herriaren zaindaria den Ama Birjinaren eskultura gotikoa gordetzen du baselizak.

Nabe bakarra du, eta hiru zatitan banatuta dago, sei zutabe zilindriko lodirekin. Teilatua bi isurkikoa da. Korua eta alboko tribunak egurrezkoak dira, zapata-habetxoen gainean, eta eskualdeko eliza askok (Iparraldekoak, bereziki) hartutako antolamendu tradizionala jarraitzen dute. Teilatua, habeak, tiranteak, karelak, jabaloiak, eta bestelako elementuak Euskal Herriko Behe Erdi Aroko dekorazio bereizgarriarekin apainduta daude, hala nola, motibo geometrikoekin eta emakume-buruekin.

ant-int

Barne-arotzerian (zapata-buruak, mentsulak, habeak) esteletan, kutxetan eta ateburuetan erabili ohi diren tailu bereizgarriak ikus ditzakegu, hala nola eguzkia eta sua islatzen dituzten gurpil eta gurutze zeltikoak.

Benetan bitxiak dira erliebe horien amaieran dauden zapata izugarriak. Izan ere, horietan gizakia ageri da, emakumezko buruek eta bustoek irudikatuta, eta horietako batzuk "sapi" batekin ukituta daude. Beste figura batzuk ere ikus daitezke zizelkatuta, horien artean dragoi baten irudia nabarmentzekoa delarik.

Antiok aisialdirako gunea ere badu, zuhaitzekin, mahaiekin eta harrizko eserlekuekin. Bertatik paseo atsegina egin daiteke, Beloki mendiraino. Baseliza dagoen lekutik, Legazpi, Zumarraga, Urretxu eta Irimo gaineko bista zoragarriekin goza daiteke.

Oso interesgarriak dira Santa Isabel jaietako erromeria (uztailaren 2an). Bertan, herriko dantzariek, baselizaren inguruan prozesio txiki bat egin ondoren, Zumarragako Ezpata Dantza zaharra dantzatzen dute aldarearen aurrean. Mezaren ostean, dantza bera egiten dute, kanpoan, eta Aurreskua ere dantzatzen dute.

Hona hemen eraikinak mendez mende izan dituen gertakari garrantzitsu batzuk:

  • XVI. mendea
    1576an parrokia izateari utzi zion, eta eraikinaren gainbehera etorri zen. Gurtza-elementu gehienak tenplu berrira jaitsi zituzten. Parrokia izateari uzteak tenplua ofizialki baztertzea ekarri zuen.
    Bestalde, Migel Lopez Legazpi bertan bataiatu zuten adituen ustez. Horretaz gain, dirudienez, Loiolako Inaziok hemen egin zuen otoitz 1522an, Arantzazurako bidea egiten ari zenean.
  • XVII. mendea
    Antioko ermita urte askoan baztertuta egon eta gero, mende honen hasieran aldaketak etorri ziren.
    1605ean tenpluko patroiek ermitaren esku geratu zen horma nagusia betetzeko Domingo de Mendiaraz eskultoreari eskatu zitzaion erretaula berria.
  • XVIII. mendea
    1743an San Felipe Neriren erretaula jarri zuten alboko horman.
    Baina 1746an, egoera tamalgarrian zegoen eraikina. Ermita lehenbailehen berritu beharra zegoen. Horrela, ganga berriak egiten hasi ziren eta ermita osorik konpontzeari ekin zioten.
  • XIX. mendea
    Ohiko elizkizunez gain, beste hainbat jarduera egiteko erabili zituzten ermita eta serora-etxea: gaixotasun kutsakorrak (kolera...) zituzten gaixoak zaintzeko, edota herritarrak ez kutsatzeko. Era berean, armen gordeleku gisa erabili zituzten ermitako gangak gerra garain.
  • XX. mendea
    Mende honetan aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren. Mendearen erdialdera, ermitaraino iristen den errepidea ireki zuten. 1976an berrikuntza asko egin zituzten: aurreko mendeetan eraikitako ganga faltsuak kendu zituzten eta agerian geratu zen ermitak zuen hasierako estalkia, eta, horretaz gain, ustelduta zeuden erretaulak ere kendu zituzten, eta sakristia eta serora-etxea bota zituzten.

ORDUTEGIA:

Aste Santutik urriak 31 arte ( astelehenak itxita): 11:30 - 13:30 eta 16:30- 19:30

Azaroak 1 - Aste Santuak - Ostirala: 15:45 - 17:15, aste buruak eta jai egunak: 11:30 - 13:30 eta 16:00 - 18:00

FaLang translation system by Faboba

ANTIO

Ezkutuko Altxorrak - datozen ekitaldiak:

No hay próximos eventos!